Ikasle eta erabiltzaileak, Karabelekon elkarlanean estigmari aurre egiteko

Ekimen eder batean parte hartu genuen iragan abenduan Karabelekon, Hernaniko Inmakulada Ikastetxearekin batera. Eskola horretako dozenaka ikasle gerturatu ziren etxaldera, bertan egiten dugun lana hurbilagotik ezagutzera eta buru osasun arazoa duten pertsonekin elkarlanean jardutera. Ikasleen eta Karabelekoko kideen arteko lau eguneko lankidetzari esker, txikiek nekazaritzaren inguruko oinarrizko ezagutzak barneratu eta lanari ekin zioten inolako zalantzarik gabe. Etxaldean errehabilitazio psikosoziala egiten ari diren lagunei lagundu zieten barazkien landaketan, hazitegiaren zainketan, eta kontsumo taldeko saskien antolaketan. Baratzeko sekretuak ikasteaz gain, buruko osasun arazoen inguruko aurreiritziak gainditzeko aukera ere izan zuten.