Itsasne Gallastegui: «Garrantzitsua da gure emozioak ez epaitzea eta boikotatzea, baita sentimenduen beldur ez izatea ere»

Agifeseko psikologo Itsasne Gallasteguik adimen emozionalaren inguruko hitzaldia eskaini zuen pasa den ekainaren 29an Eibarko Ibiltzen errehabilitazio psikosozialerako zentroanAzken urteotan guztion ahotan dabilen jakintzagai honek mendeetako historia duela nabarmendu zuen Gallasteguik, eta 80. hamarkadan psikologoek adimen emozionalaren kontzeptua asmatu aurretik, Aristotelesek adimen mota hau ongi deskribatu zuela aipatu zuen: «Edozein pertsona da gai haserretzeko. Hala ere, pertsona egokiarekin, intentsitate egokiarekin, momentu egokian, arrazoi egokiarekin eta era egokian haserretzea… hori ez da erraza».
 
Daniel Golemanek deskribatu zuen moduan, adimen emozionala «norberaren nahiz bestearen gogo-aldartea sentitzeko, ulertzeko, kontrolatzeko eta aldatzeko gaitasuna» izatearekin erlazionatua dago, baita sentimenduen eta emozioen garrantzia kontuan hartzen duten harremanak eraikitzearekin ere.
 

«Ez dago emozio negatiborik»

Gallasteguiren esanetan, «mundura egokitzen eta arazoak euren garrantziaren arabera sailkatzen laguntzen digute emozioek», baita besteen sentimenduak identifikatu eta enpatia garatzen ere. Psikologoak azpimarratu zuenez, «ez da emozio negatiborik existitzen». Hortaz, tristurak galdutakoa edo nahi dugun hori baloratzera eraman gaitzake eta haserreak onartu ezin dugunari mugak jartzera. Gallasteguik ohartarazi zuen moduan, emozioak boikotatzea –hau da, sentimendu konkretu batzuk ez izaten saiatzea- ez da osasuntsua ez positiboa, eta ez ginateke «txarrak deritzogun emozio horien beldur izan behar». Zentzu horretan, nola sentitzen garen eta nola sentitu nahi dugun desberdintzen ikasi behar dugu.
 
Geure burua ezagutzea lehen pausoa dela adierazi zuen hizlariak: gure barnesentimenduen egoera, sentitzen dugunaren behaketa eta emozio bakoitza identifikatu eta izendatzea. Hori lortzeko, denbora eta arnasketa-ariketak gomendatu zituen Gallasteguik, ez baita erraza pentsatu eta sentitzen duguna ongi ezagutu eta pentsamenduak sentimenduekin lotzea. Hori dela eta, geure buruari ondorengo galderak egitea aholkatu zuen psikologoak: Zer ari naiz sentitzen momentu honetan? Sentimendu hau egoera erreal batek eraginda dator edo imajinatu dudan zerbaitengatik? Sentimendua identifikatu beldurrik gabe, sentitu, behatu eta baloratu.
 
Hala ere, behin emozioak identifikatuta, nola lortu haserrea edo beldurra bezalako sentimenduen kontrola? Haserreari dagokionez, Gallasteguik honako gomendioak eman zituen: emozioa behatzea, arnasa hartzea, haserrearen atzean dauden pentsamenduak azaleratzea, arrazoitzea eta irtenbideak bilatzea, gauzak ikuspegi baikorrago batetik ikusten saiatzea, ariketa fisikoa egitea, egoeratik aldentzea edo entretenimendua bilatzea.
 
Beldurra eta kezkaren kasuan, aldiz, ikara identifikatu ondoren mehatxua erreala den ala ez baloratzea aholkatu zuen hizlariak. Izan ere, ondorengo datuak eskaini zituen eguneroko buruhausteei ematen diegun garrantzia handiegia dela frogatzeko: kezkatzen edo beldurtzen gaituen hori ez da erreala bihurtzen kasuen %40n, iraganekoa da %30n, imajinarioa %12n, garrantzia gutxikoa %10ean, erreala eta garrantzitsua %8n. Erreala eta garrantzitsua den kasuetan, horietako erdiak konpondu ditzakegu eta beste erdiak ez. Gallasteguik ondorioztatu zuen moduan, «gizarte garatu hau ez da berez mehatxagarria, baina kudeatzen jakin behar den beldur asko ditugu».