Javier Álvarez psikiatrak hiperiari eta psikiatria berriari buruzko hitzaldia eskainiko du Donostian

Javier Álvarez Leongo Unibertsitate Ospitaleko psikiatrak Donostian hitzaldia eskainiko du urriaren 6an, asteartea. Solasaldia hiperiaren eta eredu psikiatriko alternatibo baten inguruan izango da. Alvarezek diagnostikoen eta zenbait buru gaixotasunentzat erabiltzen diren psikofarmakoen gehiegizko erabilera aldatzea proposatzen du. 

Alvarez, egun Nueva Psiquiatría elkarteko presidentea, “paziente psikiatrikoak” deiturikoei arreta “arrazionalagoa eta holistikoagoa” eskaintzeko lanean ari da. Hitzaldia Agifes elkarteko Ibiltzen Bentaberri errehabilitazio psikosozialerako zentroan izango da, 18.30ean, eta parte-hartzaileek ikuspegi psikiatriko hori ezagutu eta eztabaidatzeko aukera izango dute. 
 
Adituak hiperia zertan datzan azalduko du; neurona gehiegiren aldibereko funtzionamendua eragiten duen garun-funtzio psikikoa, alegia. Neuronen hipersinkronia horrek bat-batean sentitzen diren bizipen psikiko ezohikoak sorrarazten ditu, eta pertsonak ezin du ezer egin egoera aldatzeko edo eteteko. Intentsitate handiko esperientziak dira eta harridura sentimendu handiarekin bizi ohi dira. Horrela, subjektuak bere buruan aparteko zerbait gertatzen ari dela uste du.