Joseba Llorente futbolaria eta eskizofrenia duen zestalari profesional ohi bat, Agifesen bideo baten protagonistak

Agifesek ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ kanpainaren azkenaurreko bideoa plazaratu du. Ikus-entzunezko honen protagonistak dira Joseba Llorente, Real Sociedad futbol taldeko jokalaria, eta Andoni Iglesias, Agifeseko erabiltzaile eta zestalari profesional ohia.

Agifesen 25. urteurrenaren testuinguruan antolatutako kanpainaren hamargarren bideoak Andoniren historia du ardatz. Eskizofrenia garatu zuen haurtzaro gogor baten ondoren eta drogen kontsumoak lagunduta: “10 urterekin hasi nintzen alkohola edaten eta 12rekin jada toxikoak ere hartzen nituen”, komentatzen dio Llorenteri.

“Oso gaizki nengoen garaian, etxetik kanpo bizi nintzen eta lokal batean egiten nuen lo. Orduan, pertsona on batek Filipinetara joateko kontratu bat lortu zidan” -gogoratzen du Andonik- eta zazpi hilabete eman zituen Asian zestalari profesional gisa lanean. Egun Gureak Taldearen tailer batean lan egiten duen eta zaintzapeko etxebizitza batean bizi den gazte hau, garai hartan “kalean egotetik Filipinetan autografoak sinatzera” pasa zen bat-batean. Baina itzuleran berriro ere “galduta” ikusi zuen bere burua.

Desintoxikazio eta errehabilitazio zentro askotatik kanporatu zuten Aita Menni ospitale psikiatrikoan sartu zen arte. Hortik bost urtera osatuta irten zen, bizitza autonomoa eta normalizatua eramateko prest, beti ere medikazioaren laguntzarekin eta errehabilitazioari jarraipena emanez Agifesek Eibarren duen eguneko zentroan.

Esperientziak irakatsi dionari erreparatuz, azpimarratzen du haurrei errefortzu positiboan oinarritutako hezkuntza eman beharko liekeela gurasoek. “Zerbait ondo egiten duzunean, hori balora dezatela”, izan ere, soilik negatiboa nabarmentzeko joera horrek, bere esanetan, “buruko gaixotasunaren garapena bultzatu edo gehiago gaixotzen lagun dezake, nire ustez”. Llorentek solaskidearekin bat egiten du, eta aita gisa bizi duen esperientziaren arabera, etengabeko kritikatik ihes egiteko beharra defendatzen du eta, kontrara, umeek ondo egiten dituzten gauzak maizago goraipatzea aldarrikatzen du. Gurasoekin zailtasun ugari izan baditu ere, Andonik aitortzen du, lehen ez bezala, orain kontziente dela “amaierara arte hor egon dena familia dela”.

“Bideo hau egin nahi izan dut, behea jo ostean, egun egoera normalean nagoelako, medikazioarekin eta abar. Beraz, gorriak ikusten ari diren pertsonei itxaropena eman nahi diet”, gaineratzen du Andonik. Beterik sentitzen da orain eta zoriontasun horrekin zerikusi handia du duela bi urte eta erditik hona bizi duen bikote harremana. Halaber, medikuei laguntza eska diezaieten gomendatzen die Agifeseko erabiltzaile honek bere antzeko egoeran daudenei, eta batez ere, euren kabuz borrokatzen jarrai dezaten animatzen die.

Agifesek abenduan amaituko du, beste bideo batekin, 2011an zehar, elkartearen 25. urteurrena dela eta, garatutako sentsibilizazio kanpaina.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.