Karabeleko eta Bodegón Alejandro tokiko barazkigintza ekologikoa sustatzeko elkartu dira

Karabeleko ostalaritzako zenbait establezimendurekin kolaboratzen hasi da, barazki gama zabal baten ezaugarri organoleptikoak eta sukaldeko erabilerak aztertzeko, eta euskal baratzeetako biodibertsitatea bultzatzeko.

Euskal Herrian tradizioa duten tomate barietateen erabilera gastronomikoa sustatzea du helburu Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalak eta Bodegón Alejandro jatetxeak hitzartu duten akordioak. Tokian tokiko barazkigintza ekologikoa bultzatzeaz gain, lankidetza honen bidez, azken hamarkadetan nabarmen murriztu den baratzeko biodibertsitatea sustatzea ere xede du. 

Karabelekoren arduradun Iker Goikoetxeak dioenez, etxaldean agroekologiaren balioak suspertu eta baratzeko ikerketa eta entsegu lana burutzen dira. Ildo horretatik, “ostalaritzako zenbait establezimendurekin kolaboratzen hasi da Karabeleko, barazki gama zabal baten ezaugarri organoleptikoak eta sukaldeko erabilerak aztertzeko”.

Biodibertsitatea sustatzea

Karabelekoko koordinatzaileak tokiko espezieak mantendu eta baratzeetan barietate berriak sartzeko apustuari erreferentzia egin zion uztailean egindako aurkezpenean. Horrela, nekazaritza-sektoreko biodibertsitate-galerari aurre egin nahi diote. “FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak) ohartarazi duenez, nekazaritza-dibertsitatearen %75 desagertu egin da azken mendean, eta biodibertsitate genetiko hori beharrezko erreminta dela jakinarazi du aldaketa klimatikoari aurre egin eta elikadura-segurtasuna bermatzeko”, gogorarazi zuen Iker Goikoetxeak.
 
Bodegón Alejandroko arduradun Inaxio Valverdek adierazi zuenez, hitzarmen honek “tokiko produktua hobeto ezagutzen eta, era berean, gure bezeroei ezagutarazten lagunduko digu”. Proiektu honi esker, “hobetu, hazi eta ikasi egingo dugu”, baita barazkien ikerketa bultzatu eta gizartera-tze nahiz laneratze beharrak dituzten ko-lektiboei babesa eman ere.
 
Bodegón Alejandrok urteak daramatza bertako produktua eta bere kultur balioa ezagutarazteko apustua egiten. Gure lurraldeko produktu esanguratsuenetako batzuk zabaltzeko lanean dihardu; besteak beste, bakailaoa, sagarra, antxoa, eta, kasu honetan, tomatea. Horretarako, kultur eragile anitzekin lankidetza hitzarmenak gauzatzen ari da. 
 
Bestalde, Aitziber San Román Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak kolaborazio honen bokazio soziala eta tokiko produktuaren aldeko apustua azpimarratu zuen. Lankidetza hori “gure lurraldearen ezaugarri nagusietako baten adierazgarria” dela esan zuen: “bertako jendearen edertasuna”. San Románen hitzetan, “Donostiako eta Gipuzkoako bisita-txartela garrantzitsuenetarikoa da gastronomia”, eta bultzada berria lortu du sektoreak “berrikuntza eta gizarte-konpromisoa” uztar-tzen dituen hitzarmen honi esker.

Tomateen erabilera gastronomikoa

Kolaborazio proiektu honen harira, Euskal Herrian tradizio berezia duten tomateekin hornituko du Karabelekok Bodegón Alejandro; batik bat, Pikoluze, Saint Michel eta Aretxabaleta barietateekin. Inaxio Valverde buru duen lantaldeak, berriz, hainbat errezeta prestatu ditu produktu horien ezaugarriak azpimarratzeko. 
 
Horrela, hainbat proposamen aurkeztu dituzte: Tomate zukua olio testurizatuarekin, Hegaluzea tomatearekin, eta Euskal Herriko gaztak tomate mermeladarekin, besteak beste. Errezeta horiek kartaz kanpo eskainiko ditu jatetxeak tomate hornikun-tza posible den bitartean.