Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa landuko dugu 'Mejor...Imposible' filmaren inguruko zineforum saioan

 
Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren hirugarren saioa azaroaren 16an izango da, 'Mejor...Imposible' film ezagunaren inguruan. Ikusleek pelikulaz eta horren inguruko solasaldiaz gozatzeko aukera izango dute, Carmen Clemente psikologoaren eskutik. Ekitaldia doan izango da, 19:30ean Donostiako Principe zineman.
 
Filmak Melvin Udall-en (Jack Nicholson) bizitza kontatzen du. Idazle obsesibo eta maniatikoa da, oso desatsegina eta eskergabea. Nahasmen obsesibo-konpultsiboa du, eta errutina finkoak mantentzen ditu egunero; besteak beste, Carol Connelly-ren (Helen Hunt) kafetegian bazkaltzea. Melvinen eraikin berean bizi da Simon Nye (Greg Kinnear) artista homosexuala, eta protagonistaren homofobia pairatzea tokatzen zaio. Egun batean, txakur txiki bat zaintzea tokatzen zaio Melvini, nahiz eta animaliak gorroto dituen. Zakurraren presentziak bihotza bigunduko dio.
 
Mintzatuz osatu sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizartearen babesa sustatzea. Azken zineforum saioa azaroaren 23an izango da, ordu eta leku berean. Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa da gonbidapenak aldez aurretik jasotzea Agifesen egoitzan edo zinemako lehiatilan.