Normala al da antsietatea izatea?

 

Yolanda Iglesias, Agifseko psikologoa

Pertsona gehienok antsietatea sentitu izan dugu gure bizitzako momenturen batean. Urduritasuna eta kezka pairatu ditugu egoera ugariren aurrean: azterketak, lan elkarrizketak, topaketa sozialak, oroitzapenak, etab.
 
Hurbil dugun arrisku batez ohartarazten gaituen erantzun emozionala da antsietatea. Horri esker, mehatxuari aurre egiteko beharrezko neurriak har ditzakegu. Moldaerazko mekanismo gisa, beraz, funtzionala eta normala da.
 
Garrantzitsua da ulertzea antsietatea sentsazio eta egoera emozional normala dela egoera konkretu batzuen aurrean, eta eguneroko egoera estresagarriekiko ohiko erantzuna dela.
 
Intentsitate mailak pertsonaren moldatzeko gaitasuna gainditzen duenean, berriz, patologiko bilakatzen da. Orduan, ondoezik egoten da pertsona eta sintoma adierazgarriak agertzen zaizkio arlo fisiko eta psikologikoan, baita portaeran ere. Antsietate nahasmenduen larritasuna bi parametroren arabera neurtzen da: pertsonarengan eragiten duen sufrimendua eta desgaitasuna.
 
Kasu horietan, eguneroko funtzionamendua nabarmen narriatzen da. Muga jakin batzuk gainditzerakoan, osasun arazoa bilakatzen da antsietatea, ongizatea oztopatu eta pertsonaren ohiko jarduera sozial, laboral eta intelektualetan eragin garbia baitu. Hortaz, nahastea duen pertsonaren mugimendu askatasuna eta aukera pertsonalak murriztu egiten dira. Horrelakoetan, ez gara urduritasun arazoez ari, nahasmendu psikologiko larriez baizik; eta profesionalen laguntza behar dugu.
 

Ohiko sintomak

Antsietatearen ohiko sintomak dira: mareoak, "arraro" sentitzea, arnasa hartzeko zailtasunak, dardarak, digestio arazoak, pentsamendu negatibo eta obsesiboak, goragalea, eskuetako izerdia, bihotzeko arazoen sintomak ditugula pentsatzea, ahoko lehortasuna, etengabeko izerdia; momentu oro erne egotea, gehiegi; zorabio sentsazioak; bihotzekoa sufritzeko eta kontrola galtzeko beldurra, eta abar.
 
Pertsona guztiek ez dituzte sintoma berak, eta intentsitate maila aldakorra da batetik bestera. Norbere predisposizio biologikoak eta psikologikoak eragina du, eta, hortaz, sintoma batzuk edo besteak izateko aukera gehiago dugu.
 
Antsietateak sorrarazten duen tentsio ezatsegin horretaz ihes egiteko, jokabide jakin batzuk hartu ohi dituzte batzuek: jatea, erretzea, gehiegi edatea... Momentuan lasaitu egiten dira, baina epe luzera kalte egin diezaiekete atxikimendu horiek. Zehazki, kafe, alkohol eta tabako gehiegi kontsumitzeak antsitatea pairatzeko joera areagotu egiten du. Beste pertsona batzuek, aldiz, antsietatea sorrarazten dieten egoerak ekidin ohi dituzte. Epe laburrera, baliagarria zaie estrategia hori, baina, epe luzera, okerrera egin dezake nahasmenduak. Izan ere, beldurra handitu egiten da eta pertsona gero eta ahulago sentitzen da, konfiantza galtzen baitoa. 
 
Antsietatearekin, arazoak puzteko joera du pertsonak; gehiegi arduratzen da gauzak gertatu aurretik; okerrena pasako dela aurreikusi eta momentua iristen denean ezingo duela gainditu esaten dio bere buruari. Gainera, antsietatearen berezko sintomak nabaritzerakoan, fisikoki gaixorik dagoela pentsa dezake, eta zerbait ikaragarria gertatuko zaiola uste izan. Sinesmen horrek sintomak handitu besterik ez ditu egiten. Egoerak gertatu aurretik, ziurtzat joko du urduri jarriko dela eta, ondorioz, are okerrago sentituko da momentuan. 
 
Beraz, garrantzitsua da azpimarratzea erlaxazioa, jarduera fisikoak, pentsamendu baikorra eta teknika kognitiboak ikasiz antsietatea kontrola dezakegula. Hala, gure pentsaera aldatu eta eguneroko erronkei aurre egiteko gai izango gara.