Osasun arreta hobetzeko xedearekin 1300 aditu bilduko dituen Arreta Integratuaren Nazioarteko Kongresuaren antolaketan parte hartuko du Agifesek

Arreta Integratuaren 19. Nazioarteko Kongresuak 1300 ikertzaile eta profesional bilduko ditu Donostian, osasun sistemak eskaintzen duen asistentziaren kalitatea hobetzeko xedearekin. IFIC (International Foundation for Integrated Care), Osakidetza, Bioef (Fundación Vasca de Innovación e Investigación Sanitaria), Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia entitateek bultzatutako ekimenaren antolakuntzan laguntzen ari da Agifes, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea.

‘Aldaketaren kultura partekatuz: pertsonak erdigunean jartzen dituzten zerbitzu integratuen ereduak aztertzen eta inplementatzen’ izenburudun topaketak osasun zerbitzuetan aurrerapausoak ematea du helburu; bereziki, esku-hartze sanitarioek gizabanakoengan dituzten ondorioen analisia eta interpretazioa hobetzea. Urtero herrialde desberdinetan burutzen den kongresuak Estatuko 500 profesional eta 60 herrialdetako 800 ordezkari elkartuko ditu aurten Donostian.

Horrela, Kurtsaalean gauzatuko diren hiru jardunaldietan hitzaldiak eskainiko dira hainbat gairen inguruan: osasun-arreta etxebizitzetan, pertsonen ahalduntzea komunitatean, lehen mailako arreta sendotzea edo zainketa-eredu desberdinak. Osasungintzan ospe handia duten hizlariak egongo dira; esaterako, Stephen M. Shortell ikertzailea, AEBetako Medikuntzako Akademia Nazionaleko kidea eta Berkeleyko School of Public Health Dean Emeritus zentroko irakaslea; Sir Michael G Marmot, UCL Institute of Health Equity institutuko zuzendaria, Munduko Medikuntza Erakundeko (WMA) lehendakari ohia eta University College London-eko epidemiologiako irakaslea; Henry Mintzberg akademikoa, lidergoan aditua eta ‘Managing the Myths of Healthcare’ liburuaren egilea; eta María Ángeles Durán ikertzailea, CSICeko kidea.