Osasun Mentalaren Egunaren ospakizun arrakastatsua, Laudion

Jaialdi batek abiarazi zuen, joan den larunbatean, urriaren 16an, Laudion ospatutako Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Osasun mentala duten pertsonen eta familien elkarteetako kide ugari izan ziren, baita euskal erakundeetako ordezkariak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzakoak, Laudioko Udalekoak eta Arabako Foru Aldundikoak. Jaialdi horrekin kolektiboaren beharrak aldarrikatu eta gizartean jasaten duten estigmatizazioa salatu nahi zuten. Arazoak arazo, egun horretako ospakizuna gozatzera joan ziren.

ASASAM osasun mentala duten pertsonak eta horien familiak biltzen dituen Aiara eskualdeko elkarteak antolatu zuen jaialdia, baina FEDEAFES federazioaren barruan dauden ASAFES, AVIFES eta AGIFES elkarteak ere bertan izan ziren. Datorren urtean AGIFES elkarteri dagokio egun berezi horretarako ospakizuna prestatzea. Izan ere, jaialdiaren amaieran, Jose Mari Irazusta AGIFESeko presidenteordeak ASASAMen eskutik lekukoa jaso zuen.

Egun osoan, Laudioko herriko plazan -estalia, zorionez- ehunka familiar eta lagun elkartu ziren. Bertako postuetan artisau produktuak, bisuteria, zeramika eta koadroak zeuden erakusgai. Ondoan, pintxoak eta edariak eskaintzen zituzten. Horrekin batera, umeentzako tailerrak eta jolasak ere ez ziren falta. Giroa alaitzeko Urduñako Txalogarri txaranga jo eta ke aritu zen. Eguerdian, Adarrotsen kontzertuaren ostean, bazkaria eta dantzaldia izan ziren aurten ere eguneko unerik hunkigarrienak.

Gizarteak kontuan hartzea, artearen bidez
Aurtengo ospakizunaren helburuak ziren gizarteak osasun mentala duten pertsonak kontuan hartzea eta estigmak desagerraraztea, arte diziplina desberdinen bitartez. Bide horretan, Igor Arzuagak jaialdiaren kartelean azaltzen duen leloa: “Martxan zaude?”. Egitarauaren beste ekimen esanguratsua Adarrots folk taldeak egun horretarako bereziki konposatutako kantua izan zen. Kantuak osasun mentalak gizartean ezagutarazteko mezua zabaltzen du. Eguraldia lagun ez bazuen ere, Bizkaiko musika taldeak kontzertu ederra eman zuen.

Hirugarren sormen lana “Flores de papel” film laburra izan zen. Luis Vil amurriarrak zuzenduta, Goi Nerbioiko hainbat udalerritan erakusten ari dira asteotan. Musikari eta zine zuzendariak duela sei hilabete izan zuen osasun mentala duten pertsonekin lan egiteko ideia. Pertsona horiek ez zeukaten zinearekin inolako harremanik, baina entsegu eta filmazio ordu askorekin eta pazientzia handiarekin azkenean filma egitea lortu zuten. “Flores de papel” film laburrak osasun mentala duten bi gazteren amodio istorioa kontatzen du. Maiteminduta daude eta ezkondu nahi zuten, baina gizartearen aurreiritziekin eta oztopoekin topo egiten dute. Azkenean, ostera, beren helburua lortzen dute. Larunbatean Laudioko jaialdian proiektatu zen filmak publikoaren harrera beroa izan zuen. Ondoren plazan jarritako DVDak, gainera, erruz saldu ziren.

Agintarien mezuak
Jaieguna 10:30ean hasi zen, agintarien harrerarekin eta ASASAM, ASAFES, AVIFES eta AGIFES elkarteen agurrekin. Julia Hernández Arartekoaren albokoak adierazi zuenez, erakundeak bertan egotea “elkarte hauek osasun mentala ulertzeko moduaren aldeko apostua da”. Bestalde, José Antonio de la Rica Osakidetzako psikiatria arloko buruak gogorarazi zuenez, “datozen hiru urteak oso garrantzitsuak izango dira osasun mentalaren inguruan jarraituko den estrategia definitzeko”. Hiru urteotan “aukera asko” zabalduko direla erantsi zuen. Jon Karla Menoyo, Laudioko alkatea eta ospakizunaren anfitrioia, pozik agertu zen osasun mentalaren eguna bere herrian hartu izanagatik. Halaber, ASASAMek egiten duen dibulgazio eta formakuntza lana goraipatu zuen. Eva Blancok, Amurrioko Udaleko Ongizate zinegotziak tokiko erakundeek Osasun Mentalarekiko duten konpromisoa berretsi zuen.

Fernando Fantovak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuordeak, gogorarazi zuen ospakizunak defendatzen duenez, “denok ez gara berdinak”, eta erakundeek zein elkarteek “dibertsitate horren alde” lan egiteko deia egin zuen. Azkenik, Covadonga Solaguren Arabako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatuak estigmaren kontra borrokatzeko beharra nabarmendu zuen. Erakundeek arazo sozialei aurre egiteko baliabide gehiago eduki beharko luketela onartu zuen, baina bere iritziz, hori “denon artean lortu behar dugu”.

Fedeafesen adierazpena
Osasun Mentalaren Eguna dela eta, senitarteko batek FEDEAFESen adierazpena irakurri zuen egunaren hasieran. Bertan erakundeei, osasungintzako profesionalei eta hiritarrei dei egiten zitzaien osasun mentala duintzearen aldeko borrokan parte hartzeko, EAEko biztanleriaren %9k osasun mentalaren arazoren bat duela kontuan hartuta. Prebentzio, terapia, errehabilitazio eta diagnostiko goiztiarrerako programak martxan jartzeko beharra aldarrikatu zuen FEDEAFESek bere agirian. Osasun mentalaren arloan ikerkuntza bultzatzea eta osasun mentala duten pertsonen bazterketari eta diskriminazioari aurre egiteko neurriak ere eskatu zituzten.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.