Pinturak osasun mentalaren berreskurapenean dituen onurak ezagutarazten ditu dokumental batek

Osasun Mentalaren Munduko Egunaren inguruan antolatutako jardueren barne, ‘Retrats’ erdimetrajearen hainbat proiekzio eskaintzen ari da Agifes. Dokumentalak itxaropenez beteriko begirada duten hainbat pertsona aurkezten ditu; irteeraren bat bilatu eta gaixotasun mentala gainditu nahi dute margolaritzaren bitartez . Tolosan eta Donostian urriaren 18an eta 20an egindako bideo-forum saioen ostean, azken hitzordua Irunen izango da datorren asteazkenean, hilak 27.

Kasu erreala
Pau Itarte eta Quim Fuster katalanek AREP Gaixo Mentalaren Errehabilitazioaren Aldeko Elkartearekin elkarlanean egindako lanak erakusten du eskizofrenia duten eta pintura tailer batean parte hartzen duten bederatzi pertsonaren bizitza erreala. Guztiek “normaltasuna” berreskuratu nahi dute urte askotan zehar sufritu ondoren.

Zenbait psikiatria zentrotan egon ondoren, Lluís Gràciak deskubritu zuen margolaritza eskizofreniari aurre egiten laguntzen zion erreminta zela. Geroztik, hainbat elkarterekin kolaboratzen du beste gaixo batzuekin tailerrak eginez eta horrela bere esperientzia konpartituz. Tailer horietako batean zentratzen da ‘Retrats’ eta Isabelen, Pilarren, Jordiren, Catiren, Carlesen, Antoniaren y Jaimeren garapen pertsonal eta artistikoa erakusten du.

Adierazpen gaitasunaren hobekuntza
55 minutuko iraupena duen zintak pertsona horiek, soilik hamar saiotan, egiten dituzten aurrerapen harrigarriak azaltzen ditu. Saio horiek tartekatzen dira psikologo batekin egiten dituzten bilerekin. Horrela, pertsonaiek nabarmen hobetzen dute adierazpen eta komunikazio gaitasuna, eta ikasten dute sentimenduak agertzen eta beren barneko mundua hitzetan zein mihise gainean jartzen.
Irakasleak, bere egoera eta gaixotasunaren inguruan duen ezagutza dela eta, enpantia sakona lortzen du ikasleekin eta modu pertsonalizatuan aholkatzen dio bakoitzari zein kolore eta tonu erabili barruko klima hobeto irudikatzeko. Pinturak norberaren arazoak albo batera uzten laguntzen duela azaltzen die, prozesu artistikoari arreta jartzea eskatzen baitu. Gainera, esplikatzen die teknika azkarrek oso emaitza onak dituztela gaixotasun mentala duten pertsonengan, “edozein momentutan hertsidura ateratzeko eta horrekin zerbait polita sortzeko aukera ematen dutelako”.

Olioarekin, margoekin eta collagearekin dituzten abilidadeak garatzen dituzten bitartean, Lluísek ikasleak animatzen ditu sortze prozesuan sentitzen dutenari izena jartzera. Horrela, beren emozioen gaineko kontzientzia handitzen dute eta besteekin komunikatzeko ohitura hartzen dute.

Begiradarekin komunikatuz
Donostiako Dr. Camino Institutuan egindako saioa zuzendu zuen Conchi Soto Agifeseko gizate-langileak erreparatu zion pertsonaiek elkarri begiratzeko duten moduari. “Begiradaren bitartez komunikatzen dira eta ikus daiteke errespetatu egiten direla, berdinen arteko begirada dute”, adierazi zuen. Kontrara, gure gizartean pertsona horiei “arraro” begiratzen zaiela deitoratu zuen, itxura eta hitz egiteko modu ezberdina baitute. Egoera horrek beren garapena oztopatzen duela azaldu zuen.

Dokumentalak eskaintzen duen adibideari jarraiki, hizlariak baieztatu zuen “pilulak ez ezik, beste teknika batzuk daudela osasun mentala berreskuratzeko” eta adierazpen artistikoko hainbat modu aipatu zituen: esaterako, musika, antzerkia edo barre-terapia. Hala eta guztiz ere, paziente guztiek ez dute jarduera horiekiko jarrera positiboa; ‘Retrats’-eko protagonistak, berriz, “gaixotasunari irtenbidea emateko bilaketa fase” batera iritsi direla komentatu zuen adituak.

Conchi Sotok aditzera eman zuenez eskizofrenia pairatzen dutenak “askotan alferrak direla uste du jendeak, baina dokumentalean antzeman daitekeen bezala, gauzak egiteko gogoa dute. Beren erritmoa dute; eta azkarrago jardutera behartzen baditugu, estutu egiten ditugu”.

Entzuleetako batek aldarrikatu zuen baliabide gehiago behar direla gaixotasun mentala duten pertsonentzako ekintza gehiago antolatzeko, horietako asko “ezer egin gabe” baitaude. Emakumeak bere semearen kasua kontatu zuen. Hark, jarduera batean murgiltzeari esker, autonomia maila hobetu du eta “ia bizitza normala” darama. ‘Retrats’-en ikus daitekeenez, Antonia tutoretzapean dagoen etxebizitza batera lekualdatzen da bere amak esanda (zaharra da bera eta alabak bere burua zaintzen ikas dezan nahi du). Kasu horretan bezala, “batzuetan ona da semeaz edo alabaz banantzea, independentea izan dadin ahalbidetzea” bere kabuz baliatzen ikas dezan, baietsi zuen Conchik. Horretarako, garrantzitsua da “gaixoan sinestea, gai dela sinestea”.

Agifeseko ordezkariak azpimarratu nahi izan zuen, halaber, gaixotasun mentala “soziala” dela. Familiak, eskolak, lagunek, lankideek… Guztiok daukagu eritasuna duen pertsona behar bezala tratatzeko ardura, bestela kroniko bilakatzen baita; sendian, familia-nukleoan trabatuta geratzen da eta ezin du eboluzionatu”.

Agifesek antolatutako ekintzak
Lluís Gràciaren filosofiak inspiratuta, Agifesen aisialdirako hainbat jarduera eta tailer antolatu ditugu eta elkarteko erabiltzaile askok eman dute izena jada. Aukera zabala dago: marrazketa eta pintura, josketa, antzerkia, zura eta zaharberritzea, bitxiak egitea, kirolak, kultur jarduerak, erlaxazioa zein irakurketa, adierazpen eta musika tailerrak, besteak beste.

Partaideak oso positiboki ari dira erantzuten. Ez dute ordutegi finkorik; nahi adina denbora egon daitezke hautatutako tailerretan. Soilik eskatzen diegu arduratsuak izatea eta ekintza bat aukeratuz gero, parte hartzea. Deigarriena da erabiltzaileak ohi baino konpromiso maila altuagoa azaltzen ari direla tailer hauekin eta asko goizez eta arratsaldez aritzen dira eskulanak egiten. Jarduerak udan hasi ziren eta parte hartzeko interesa duen edonorentzat irekiak daude.

Dokumentalari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago Interneteko helbide honetan: http://retrats.org/

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.