Real Sociedad VS. Beasain KE, larunbatean Loinaz zelaian

Beasain Kirol Elkarteko eta Real Sociedad taldeko beteranoek Buru Osasunaren aldeko futbol partida jokatuko dute maiatzaren 31n, 17:00etan, Beasaingo Loinaz futbol zelaian. Agifesek antolatutako kirol ekitaldi honen helburua da buru gaixotasuna duten pertsonei eta horien senideei babesa ematea, eta kirolaren garrantzia azpimarratzea, osasun fisiko eta mentala zaintzeko bide gisa.

Beasaingo alkate Koldo Agirrek gipuzkoar guztiei dei egin die, ekitaldi “erakargarri” honekin gozatzera bertaratu daitezen, bi klubetako jokalari ohiek euren gaitasunak erakutsiko baitituzte zelaian. Horrez gain, giro ederra egongo da herrian Loinatz festei esker; eta beraz, “ongi pasatzeko eta buru osasunaren aldarrikapena egiteko aukera izango da”.
 
Realeko jokalari ohia den Periko Alonsok ere parte hartu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Talde txuri-urdineko beteranoen elkarteko ordezkaria izateaz gain, bi denboralditan ere Beasain taldearen entrenatzailea izan zen Alonso. Ekimen honekin bat egiteko gogotsu agertu da eta Agifesek buru osasunaren alde egiten duen lan “garrantzitsua” azpimarratu du.
 
Agifesen sentsibilizazio batzordeko kidea eta Beasain Kirol Elkarteko osteopata den Josean Serranok azaldu duenez, partida ‘Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura’ sentsibilizazio kanpainaren barne dago. Zehazki, kirol ekintza honek kirolaren eta laguntasunaren garrantzia nabarmendu nahi du, bizi-kalitatea hobetzeko bide gisa. Buru Osasuna guztion arteko erronka dela aldarrikatzen du Agifesek, eta bide hori eguneroko pauso eta keinu txikiekin osatzen dela adierazten dute.
 
Real Sociedad taldearekin jokatuko duen Javier Elola eta Beasain taldeko presidente Koldo Zaldua ere izan dira ekitaldian, eta zale guztiak larunbatean Loinazera joatera animatu dituzte. Elolak aurreratu duenez, partidan parte hartuko dute, besteak beste, Luis Pérez, Fuentes, Santi Bakero, Loinaz eta Iñigo Arteaga jokalariek.
 
Agifeseko gerente Ruth Encinasek azaldu duenez, sarreren salmentarekin lortutako diru-irabaziak, oso-osorik, buru gaixotasuna duten pertsonei zuzendutako zerbitzuak zabaltzeko eta hobetzeko erabiliko ditu Agifesek. Sarrerak salgai daude elkartearen egoitzan (Morlans pasealekua 3, Donostia), Xerbera tabernan (Nafarroa Etorbidea 21, Beasain) eta Tti Tta tabernan (Kale Nagusia 18, Beasain), baita futbol zelaiko leihatilan ere (maiatzaren 31ean 15:00etatik aurrera). Helduen sarrerak 10 euro balio ditu; 6 eta 15 urte arteko haur eta nerabeenak, 5 euro; eta 5 urte arteko umeek doan sartuko dira.
 
 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.