Senideentzako talde-terapiak buruko osasuna bultzatzeko bide gisa defendatzen ditu Agifesek bere azken bideoan

‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren zortzigarren bideoan familiarrentzako talde-terapien garrantzia azpimarratzen du Agifesek. Horiek oso lagungarriak dira buruko gaitza duten pertsonekin bizi direnentzat, euren senidea zein norbere burua hobeto zaintzen ikasten baitute. Ikus-entzunezko honetan Jesus Mari Zamora Real Sociedad taldeko futbolari ohi ospetsuak parte hartu du eta Luis Urbietarekin solas egiten du. Agifeseko kidearen bikoteak nahasmendu ziklotimikoa dauka.

“Diagnostikoa egiten den momentuan, kaosa sortzen da familian. Senidea babestu nahi dugu, baina ez dugu behar bezala egiten. Gaur ondo dago, bihar gaizki… ez dakizu zer egin, jokaera aldatzen duzu… Jokabidea aldatzen duzun bakoitzean gaixo dagoenari nahaste gehiago sortzen diozu… Bikotearen zein nire familien laguntza asko jaso zuen, baita lagunena ere, baina zerbait gehiago behar nuen aurrera ateratzeko”, komentatzen dio Luisek Zamorari. Futbol talde gipuzkoarreko jokari izandakoak aspalditik ezagutzen du Agifes, duela pare bat hamarkada elkartearentzako dirua lortzeko helburuz antolatu zen elkartasun partida batean parte hartu baitzuen.

Nora jo jakin gabe, Interneten begira hasi zen Luis eta horrela izan zuen Agifesen berri. Bertan familientzako taldeko terapiara joatea gomendatu zioten eta hala aurkitu zuen gaixotasun ulertu eta onartzeko behar zuen laguntza. Gainera, mutil-lagunaren sendatze prozesuan kolaboratzen ikasi zuen. Horrelako egoera gogorretan erabat aldatzen dira senitartekoen harreman ohiturak eta, hortaz, talde terapietan gaixotasuna duen pertsonarekin harreman mesedegarriagoak lortzen laguntzen duten jarraibideak ikasten dira.

Modu horretan, Luisek komentatzen du pixkanaka bere bikotearekiko jarrera berriak garatzen joan zela eta ohartu zela, bere taldekide batek esan bezala, “ez dugula gure senideen ez aurretik ez atzetik joan behar, parean baizik”; baina “normalean haiei eskutik heldu eta guk eramateko ohitura daukagu”, eransten du.

Luisen laguna egonkor dago orain, eguneroko medikazioa zorroztasun handiz eramaten du eta hiru urte daramatza krisirik pairatu gabe. Hala ere, horrelako kasuak ez dira hain maiz topatzen, estigma sozialari beldurrez familia askok euren egoera ezkutatzen baitute, Luisek azaltzen duen moduan. Egun Agifeseko sentsibilizazio batzordean boluntario gisa lan egiten duen zarauztar honek onartzen du zailagoa dela urte askotan tratamendurik gabe sufritutako gaixotasunak bideratzea.

Luisek azpimarratzen duenez, “Agifes eta, are gutxiago, terapiak ezagutzen ez dituen jende asko dago. Edozein terapia onuragarria da edonorentzat, eta zer esanik ez honelako kasu batean”, esaten dio solaskideari.

Bideoak editatzen jarraituko du Agifesek urte amaierara arte, hilabetero bat, bere 25. urteurrenaren testuinguruan garatzen ari den kanpainaren barne. Ikus-entzunezko hauen xedea da buruko gaixotasunaren inguruko alderdi anitzak landu eta kolektiboak pairatzen dituen aurreiritziak baztertzea. Bideoak prestatzeko, elkarteko erabiltzaile eta senideekin kolaboratuko du elkarteak, bai eta egitasmoarekin bat egin nahi duten aurpegi ezagunekin ere.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.