Sentsibilizazio batzordeko komunikatua

Komunikabideei eskertu nahi diegu 25. urteurreneko kanpainaren lehenengo hilabete hauetan Agifesi ematen ari diren laguntza. Ilusioz eta anbizioz beteriko proiektua jarri dugu martxan eta, hilabetez hilabete, buruko gaixotasunarekin loturiko gai ezberdinak jorratuko dituen kanpaina garatuko dugu.

Agifeseko bazkideengana ere zuzentzen gara gure proiektuaren berri emateko. Horretan dihardugu lanean orain, bai eta aurten Donostian ospatuko dugun Osasun Mentalaren Munduko Egunaren antolakuntzan ere.

Urte honetan zehar ahaleginak egingo ditugu gizartea buruko gaitza duten pertsonengana hurbil dadin eta pertsona normal gisa ikus ditzan, ardura eta sentimendu berak baitituzte. Pertsona ospetsuei gurekin elkarlana egiteko proposamena egiten ari gara, modu desinteresatuan parte har dezaten grabatzen ari garen bideoetan. Modu horretan, hilero bideo berri bat editatuko dugu, pertsona famatu baten eta elkarteko erabiltzaile baten arteko elkarrizketa jasoz. Lehenengo bi bideoen grabazioa oso esperientzia positiboa izan da. Erabiltzaileen senideek ere parte hartuko dute bideo batzuetan, horiek elkartearen zati oso garrantzitsua baitira.

Orientazio moduan, hurrengo bideoetan saiatuko gara ondorengo gaien inguruan dauden aurreiritziei aurre egiten:
- Nahasmendu bipolarra (urtarrilean egina)
- Gazteek heziketaren arloan eta gizartean pairatzen duten estigma (otsailean egina)
- Mugako nortasun-nahasmendua edo nahasmendu ziklotimikoa
- Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa
- Eskizofrenia
- Erabiltzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza
- Diagnostiko goiztiarraren garrantzia eta diagnostikoaren ondoren familian sortzen den nahastea
- Familiarrei laguntzeko terapiaren garrantzia
- Gaixotasuna duen pertsonarengan konfiantza izatearen eta bere independentzia sustatzearen garrantzia
- Terapia osagarriak edo alternatiboak
- Buruko gaixotasuna duten pertsonen afektibotasuna
- Dohain artistikoa edo intelektuala duten erabiltzaileak

Dokumentala: Hilero bideo bat egiteaz gain, 45 bat minutuko dokumental bat garatzeko asmoa daukagu, Agifeseko erabiltzaileek elkarteko tailer terapeutikoetan egiten duten lanari buruzkoa. Modu berean, lan horiekin osatutako erakusketak egingo ditugu.

Osasun Mentalaren Munduko Eguna: Agifes arduratuko da aurtengo Osasun Mentalaren Mundu Egunaren antolakuntzaz. Donostian ospatuko dugu Euskadiko lau elkarteok, urrian.

Kaleko ekintzak: 25. urteurreneko sentsibilizazio kanpainak beste puntu garrantzitsu bat izango du: Agifes kalera aterako da kolektiboaren eskubideak aldarrikatzera, bai erabiltzaileenak bat eta senideenak ere.

Buruko osasunarekin loturiko dokumentalen proiekzioak ere antolatuko ditugu.

Ekintzak Donostian zein Gipuzkoako eskualde guztietan gauzatuko ditugu, geure kezkak eta beharrak gizarteratu asmoz.

Horregatik, gure bazkide eta erabiltzaileen laguntza lortu nahi genuke, eta zuen ideiak ezagutu gure kanpaina eta Osasun Mentalaren Munduko Eguneko programa aberastu ahal izateko. Zuen kolaborazioa ezinbestekoa da gure helburua bete ahal izateko: gizartea ohartaraztea geure burua askatu eta buruko eritasunen inguruan dauden mitoak baztertzeko beharraz.

Lagundu nahi diguten guztiek harremanetan jar daitezke gurekin Agifeseko egoitzara deituz (943 474337) edo emaila bidaliz sensibilizacionagifes@gmail.com helbidera.

Era berean, azpimarratu eta eskertu nahi dugu komunikabideak gure sentsibilizazio kanpainaren alde egiten ari diren lana, eta horrela jarraitzea espero dugu. Eta azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin lanean diharduten boluntarioei. Zuen lanak jarraitzaileak izan ditzan espero dugu.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.