Zaintzapeko etxebizitza berria inauguratu du Agifesek Elgoibarren

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak, Elgoibarko Udalak eta Agifesek gaur inauguratu dute Elgoibarren gaixotasun mentala duten pertsonentzako zaintzapeko etxebizitza. Lau entitateen arteko kolaborazioak Agifesen errehabilitazio psikosozialeko programari jarraipena emateko aukera eman du. Horren helburua da gaixotasun mentala duten pertsonen eguneroko bizitzarako gaitasunak indartzea ahalik eta autonomia maila altuena lortu ahal izateko.

Ehun metro koadro inguruko etxea Elgoibarko Udalak laga du eta barnealdearen berrikuntza osoa Kutxaren Kutxazabal programari esker garatu ahal izan da. Horrek 164.000 euroko kostua izan du. Etxebizitzak zazpi plaza ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuak izan dira horiek gainbegiratze baxuko erregimenean. Agifesek izango du, hamar urteko epez hasiera batean, etxebizitza kudeatzeko ardura.

Pisuaren gainbegiratzea gizarte langile batek egingo du eta erabiltzaileei etxeko zereginak egiten lagunduko die. Goizeko lehen orduan beren lanpostuetara edo dagokien eguneko zentrora joateko prestatzen lagunduko die. Eta egunaren amaieran, etxean egingo die harrera eta beraiekin egongo da afalordura arte.

Modu horretan, 54.000 biztanle dituen Debabarrenako eskualdeak 13 plaza ditu orain zaintzapeko pisuetan. Zifra horrek bikoiztu egiten du 18 eta 65 urte arteko 100.000 biztanleko gomendatzen den ratioa. Hitzarmena sinatu duten entitate guztiak harro daude eskualde hori erreferente gisa kokatu ahal izan dutelako gaixotasun mentala duten pertsonen arreta sozialaren arloan.

Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak poztasunez hartu zuen etxebizitzaren inaugurazioa eta etorkizunera begira Agifesekin harremanak estutzeko asmoa azaldu zuen. Gainera, elkartearen kudeaketarako gaitasuna azpimarratu zuen.

Kutxa ordezkatuz, Iñaki Almandoz Gizarte Ekintzaren kudeaketa buruak gogorarazi zuen inauguratu berri den pisua Kutxak, Kutxazabal proiektuaren bitartez, lagundu duen hiru proiektuen artean lehenengoa dela. Datorren hilabetean Enplegu Zentro Berezia estreinatuko da Hernanin eta, hurrengo urtean, Errehabilitazio Psikosozialeko Zentro bat irekiko dute Buena Bistan, Donostian.

Gizarte Politikako diputatu Maite Etxanizek Agifes zoriondu zuen egindako “lan apartagatik”, eta gogorarazi zuen egun akordioa dutela bi erakundeek. Horren arabera, 50 plaza sortu dituzte hainbat etxebizitzetan eta beste 82 eguneko zentroetan. Horrez gain, Gipuzkoa gizarte zerbitzuen arloan eredugarria dela defendatu zuen, eta apustua egin zuen pertsonen arretan oinarritutako ikuspegiaren eta instituzioen artean partekatutako arduraren alde. Etxanizek onartu zuen Osasun Mentala ez dela behar bezala kontuan izan gizarte zein osasun alorretan eta baieztatu zuen “lanean jarraitzeko beharrean” gaudela.

Agifeseko lehendakari Vicente Aretak, berriz, gainerako erakundeen kolaborazioa eskertu zuen eta baietsi zuen instalazio berrien irekierak “Osasun Mentalaren alde lan egiten jarraitzeko indarrez betetzen gaituela”. Aukera aprobetxatu zuen, halaber, instituzioei laguntza eskatzeko “egiteke ditugun etxeko lan ugariak burutzeko”.

Zaintzepeko etxebizitzak eta eguneko zentroak
Agifes prestatzen ari da bere 25. urtemuga ospatzeko. Urte hauetan errehabilitazio psikosozialeko hiru zentro, gainbegiratze baxu eta oso baxuko zazpi etxebizitza zein erdi mailako zaintzapeko beste bat kudeatzera iritsi da. Gainera, programa anitz ere baditu martxan: etxez-etxeko arreta psiko-hezitzailekoa, aisialdi eta denbora librekoak, harrera eta orientaziokoak zein terapia taldeak.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.