Albisteak

2012/04/10

Agifesek buruko gaixotasuna duten pertsonen senide edo zaintzaileei zuzendutako doako ikastaroa eskainiko du Elgoibarren, euren ahaideekin duten bizikidetza hobetzeko teknikak ikas ditzaten. Azpeitian eta Zarautzen gauzatzen ari diren ikastaroek izan duten harrera ona ikusita, prestakuntza ekintza berri hau antolatu du Agifesek. Apirila eta ekaina bitartean egingo den ikastaro honekin, elkarteak Debabarrenako buru gaixotasuna duten senide edota zaintzaileek dituzten informazio eta formazio beharrei erantzutea espero du.
2012/03/23
Martxoaren 15ean, Agifesek hitzaldi bat eskaini zien Leizaran institutuan Gizarte-Integrazioko Goi Mailako Teknikari ikasketak egiten ari diren ikasleei. Mintzaldiaren helburua zen buru gaixotasuna zer den azaltzea eta Gipuzkoako elkarteak egiten duen lanaren berri ematea. Ikasle eta irakasleek kolektiboarekiko interes handia erakutsi zuten eta ikasturtea amaitu aurretik beste hitzaldi bat emateko eskatu ziguten. Bestalde, institututik aditzera eman diguten moduan, euren ikasleei Agifesen praktikak egiteko aukera proposatuko diete. Etorkizuneko profesionalen prestakuntza hobetzen lagunduko duen lankidetza hitzarmen bat sinatu bitartean, lanean jarraituko dugu buruko gaixotasunaren ezagutza Gipuzkoako gizartean zabaltzeko.
2012/03/23

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak bere formazio zentroak ezagutzera eman nahi ditu. Horretarako, bideo bat grabatu du eta Agifeseko erabiltzaile talde batek parte hartu du bertan, beste kolektibo batzuekin batera. Aisialdi eta Denbora Libreko taldekideak ekimen honekin bat egitera gonbidatu ditu Kontsumobidek, institutuak antolatzen dituen ekintzetan maiz hartzen dutelako parte. Erakunde horrek antolatzen dituen jardueretan gai desberdinak lantzen dituzte, hala nola dieta orekatua, erosketa arduratsurako irizpideak eta birziklapena.
2012/03/23

Agifesek ‘Solo’ dokumentalaren inguruko bideoforuma eskainiko du Intxaurrondoko zentro zibikoan (Otxoki pasealekua 218, Donostia) datorren asteartean, martxoak 27, 18:30ean. Eskizofreniaren ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du Vicente Rubio zuzendari eta protagonistak eta ezohiko arrakasta lortu du filmak Agifesek orain arte eskainitako 13 bideoforum saioetan. Horietan ehunka pertsonak parte hartu dute, buruko gaixotasuna dutenak, senideak eta buruko osasunean interesa dutenak. Intxaurrondoko saioa Agifeseko hainbat senidek eta psikologo batek zuzenduko dute, eta sarrera doakoa izango da.
2012/03/22
Buruko osasunari buruzko dokumental eta filmen zerrenda osatu dugu, gai honen inguruan interesa duenak gehiago ikasteko aukera izan dezan. Gainera, ikus-entzunezko hauek gizarte sentsibilizaziorako lagungarriak dira.
2012/03/13

Aisialdi taldeko hainbat erabiltzailek spinning saio batez gozatu ahal izan zuten atzo, martxoak 12, Donostiako Tenis Elkarte Errealeko kiroldegi nagusian. Kirol klub honen laguntzari esker, parte-hartzaileek bizipen osasungarri eta dibertigarria izan dute.
2012/03/12

Gaixotasun mentala duten pertsonek jasaten duten bazterketaren aurkako film laburra da ‘¿Quién es quién?’. Ikus-entzunezko proiektu honen helburuak dira buruko gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzea, mitoak apurtzea eta sentsibilizatzea.
2012/03/06

Martxotik maiatzera bitartean, AGIFESek buru gaixotasuna duten pertsonen familiarrentzako ikastaroak egingo ditu Urola Erdian eta Urola Kostan. Ikastaro hauek, hain zuzen, Zarautzen eta Azpeitian gauzatuko dira eta helburutzat izango dute senideen eta buruko gaitza duten pertsonen arteko bizikidetza hobetzea.
2012/02/27

Datorren martxoaren 12an, indoor zikloa ezagutzeko aukera izango dute Aisialdi eta Denbora Libreko erabiltzaileek. Donostiako Tenis Elkarte Errealak Agifesi gonbita luzatu dio talde batekin ia ordubeteko kirol saio batean parte hartzeko, pedalei eraginez eta musikaren erritmoari jarraituz, eguerdiko 12etatik aurrera.
2012/02/24

Agifeseko bazkideek egoitza berriaren instalazioak ezagutzeko aukera izan zuten atzo, otsailak 23, Donostiako Morlans pasealekuko 3. zenbakian. Elkarteko zenbait langile eta zuzendaritza batzordeko kidek 190m² inguru dituen lokalaren espazio anitzak erakutsi zizkieten gerturatu ziren lagunei. Solasaldi atsegin batez gozatu ez ezik, merienda gozoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek, tarteko solairuan kokatutako erabilera anitzeko gela zabalean.

Orriak