Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2018

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2018ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu eta geure kolektiboaren ikuspegi zabala islatzen duten kazetaritza lanak, sentsibilizazioa sozialaren aldeko eta gizarte estigmaren kontrako apustua egiten dutenak, saritu nahi izan ditugu. Zentzu horretan, komunikabideen lan ona eskertu nahi dugu, buru osasun arazoak normalizatzen eta kolektiboaren gizarteratzea bultzatzen laguntza handia ematen digutelako. Horregatik antolatu dugu ekimen hau bosgarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!
 
Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:
 

Ikus-entzunezko kategoria

 
Andoaingo eta Urnietako Aiurri komunikabidearen lana aintzat hartu nahi dugu, gure elkarteak Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira urriaren 11n antolatu zuen bertso saioari emandako zabalpenarengatik. Komunikabide horren lantaldeak, eta bereziki Xabier Lasa Bergara kazetariak, bertso saioaren zenbait atal filmatu zituen Aiurriren Youtube kanalera igotzeko eta saioaren inguruko laburpen-testuan txertatzeko. Asko eskertzen dugu komunikabide txiki honek egindako lana buru osasuna gai nagusitzat zuen bertso saio horren berri emateko. 
 
 

Prentsa idatzia kategoria

 
Idatzizko kazetaritza lanen artean, GARAko igandeko gehigarria den Zazpika aldizkariak maiatzean argitaratutako erreportaje luzea saritu nahi dugu. Miren Saenz kazetariak idatzitako zazpi orrialdeko testu luzeak buru osasunaren gaiari heltzen dio ikuspuntu ezberdinetatik, Euskadi eta Nafarroako erakundeen zein buru nahasmendua duen jendearen testigantza jasoz.  
 
Agifeseko sentsibilizazio batzordeak oso positiboki baloratu du  gaiari eskainitako orrialde kopurua, gaia errespetuz eta sakontasunez landu izana, baita erreportajeak jasotzen dituen ikuspegi ezberdinak ere, elkarteen eta federazioen iritziaz gain sufrimendu psikikoa jasaten duten pertsonen hitzak ere jasotzen dituelako. 
 
 

Irrati kategoria

 
Cadena SER kateko ‘Hoy por hoy San Sebastián’ irratsaioari eman nahi izan diogu sari hau, pasa den urriaren 26an Eva Monente kazetariak Agifeseko psikologo Nekane Azuabarrenari eta gure elkarteko Lehen Pertsonan Batzordeko kide Aitor Sastreri egindako elkarrizketa luzearengatik. 
 
Agifeseko sentsibilizazio batzordeak buru osasunaren gaiari emandako 16 minutu luzeak nabarmendu ditu, baita hainbat gai interes handiz eta errespetuz jorratu izana. Izan ere, elkarrizketan Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaz eta Agifeseko zerbitzuez elkarteko profesional batekin hitz egiteaz gain, Aitor Sastre buru nahasmenduaren eta bere errekuperazio prozesuaren inguruan aritu zen lehen pertsonan.   
 
Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke.
 

KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK

 
Aurten bosgarren aldiz emandako sari hauen xedea da buru gaixotasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.

Sarien oinarriak kontsultatu