Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2016

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2016ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu, eta poza ematen digu egiaztatzeak, orokorrean, hedabideek buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboari gero eta arreta egokiagoa ematen diotela. Horregatik antolatu dugu ekimen hau hirugarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!
 
Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:
 

Telebista kategoria

ETB 2n arratsaldetan igortzen duten 'Ahora' gaurkotasun saioak eskuratu du saria, azaroaren 15ean buru osasun arazoa duten pertsonen esperientzia eta profesionalen azalpenak jasotzen zituen programa emititu baitzuten. 

(Buru osasunaren inguruko hizketaldia 1:14:45 minutuan hasten da bideoan)

Adela González kazetariak aurkeztutako saioak buru nahasmenduaren gaia sentsibilitate handiz landu zuen, profesionalei eta buru nahasmendua duten pertsonei informazioa eta esperientziak lehen pertsonan partekatzeko espazioa eskainiz. 

Agifesen sentsibilizazio batzordeak programa honek gure kolektiboari eskainitako denbora eta arreta eskertu nahi du, baita saioaren ikuspegia eta buru gaixotasuna duten pertsonei hitza emateko interesa ere. Programan sortutako hartu-emanak buru osasunaren ikuspegi osoagoa zabaltzen laguntzen duela uste dugu, batzuetan islatzen den irudi partzial eta estigmatizatzailetik urrunduz. 

Gainera, Euskadin buru osasunaren alde lan egiten duen entitate-sarea irudikatzeko ahalegina egin zuen programak. Horretarako, Agifes, Avifes eta Asasam elkarteak, eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa den Fedeafes-ek hartu zuten parte saioan.

* Programak ez du diru-saria onartu nahi izan eta Agifesi itzuli dio buru osasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraitu dezan. Keinu eskuzabal hau bihotzez eskertzen dugu.

Prentsa idatzia

Azaroaren 10ean El Diario Vasco egunkarian Agifeseko erabiltzaile María Díaz de Ceriori egindako elkarrizketa zabala, Macarena Tejada kazetariak idatzia, saritu nahi izan dugu prentsa idatziko kategorian. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira idatzitako elkarrizketa honek Mariaren garapen pertsonala ezagutarazten digu, eskizofrenia diagnostikatu ziotenetik gaur egunera arte, eta Maria buru gaixotasunarekin nola bizi den ulertzeko aukera eskaintzen digu ere bai. Mariaren kasua errekuperazio prozesuaren adibide garbia dela dio kazetariak bere lanean, eta protagonistaren ahalduntze prozesua azpimarratzen du. Izan ere, gaur egun Agifeseko tutoretzapeko etxebizitza batean bizi da María, eta buru gaixotasuna medikazioaren laguntzari esker kontrolatzea lortu du.

Eskerrak eman nahi dizkiogu El Diario Vasco egunkariari, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, buru gaixotasuna duten pertsonen errekuperazioaz mintzatzea. Gainera, elkarrizketa honek Mariaren amaren ikuspegia ere ematen du eta, modu horretan, buru gaixotasuna duten senideen esperientzia ere aintzat hartzen du.    

Irratia kategoria

Euskadi Irratiko Faktoria saioak, eta Igotz Alkorta kazetariak, jaso dute saria kategoria honetan urriaren 24an Blaseneak, Kimu Batek eta Agifesek sustatzen duen Karabeleko ekonekazaritza etxaldean egindako erreportajearengatik. 

 

Erreportaje zabal honetan, Blaseneak, Kimu Batek eta Agifesek sustatzen duten Karabeleko etxaldean gauzatzen den lana ezagutarazten dute, bai nekazaritza ekologikoaren arloaz mintzatuz eta bai errehabilitazio psikosozialerako jarduera azalduz. Igotz Alkorta kazetariak etxaldean lan egiten duen eta Agifeseko erabiltzaile den Aimarrekin hitz egiten du bere esperientzia terapeutikoaren inguruan, baita Ganix hezitzailearekin ere. Azken horrek proiektuak betetzen dituen helburuak azaltzen ditu: buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzea, autoestimua lantzea eta autonomia indartzea, besteak beste. 
 
Oso positiboki baloratzen dugu saio honek buru osasunarekiko duen sentsibilitatea, baita kolektiboari hitza emateko nahiz errekuperazioan oinarritutako istorioak partekatzeko eskaintzen duen denbora ere.
 

KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK

Aurten hirugarren aldiz egindako lehiaketa honen xedea da buru gaixotasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.