Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2020

 

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2020ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan buru osasunaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu eta geure kolektiboaren ikuspegi zabala islatzen duten kazetaritza lanak, sentsibilizazioa sozialaren aldeko eta gizarte estigmaren kontrako apustua egiten dutenak, saritu nahi izan ditugu. Zentzu horretan, komunikabideen lan ona eskertu nahi dugu, buru osasun arazoak normalizatzen eta kolektiboaren gizarteratzea bultzatzen laguntza handia ematen digutelako. Horregatik antolatu dugu ekimen hau zazpigarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!

Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:

Prentsa idatziaren kategoria

Kategoria honen barruan, Arantxa Lopetegi kazetariak egindako lana nabarmendu nahi genuke. Agifeseko Maider Gorostidi psikologoari egindako elkarrizketaren bidez, buru-osasuneko arazoak sakon eta zehaztasunez aztertzen ditu, COVID-19 esparruan.

2020ko urriaren 24an Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako bi orrialdeko artikulua pandemiaren ondorioz sor daitezkeen arazoei eta horiek gizartean izan dezaketen eraginari buruzkoa da. Gainera, sufrimendu egoran daudenengana gerturatu eta laguntza emateko programa (Hurdilduz) eta haur eta nerabeak buru osasunaren inguruan sentsibilizatzeko programa (Zeuk Aukeratu) aipatzen dira.

Elkarrizketa osoa, hemen 

 

Irrati kategoria 

Irrati kategorian, Aloña Velascoren lana nabarmendu nahi dugu. Joan den urriaren 10ean Jon Abruza Agifeseko erabiltzaileari eta Iker Arrizabalaga familiako esku-hartze programaren koordinatzaile eta psikologoari elkarrizketa bikaina egin zien Cadena SER-eko ‘A vivir que son dos días Euskadi’ saioan.

Agifesen sentsibilizazio-batzordeak nabarmendu du kazetariak sentiberatasunez tratatzen duela buru osasunaren gaia. Gainera, irratsaioak gure kolektiboari eskainitako informazio-tarte zabala ere aintzat hartu du elkarteak. Alde batetik, Jon Abruzaren testigantza eskaintzen du saioak: Agifeseko tutoretzapeko etxebizitza batean bizi da eta bere errekuperazio prozesuaren berri ematen du. Bestalde, Iker Arrizabalaga psikologoak buru osasunaren aldeko baliabideak areagotzea aldarrikatu du, baita jendea laguntza bilatzera animatu ere, buru-nahasmendua duten pertsonen errekuperazio-prozesua ahalbidetzeko.

Elkarrizketa osoa, hemen

Aurten, ikus-entzunezko kategoria hutsik geratu da.

KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK

Aurten zazpigarren aldiz emandako sari hauen xedea da buru osasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.

Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.

Parte hartzeko baldintzak kontsultatu